XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta Bardotx? Ni bezalako haur porroxkarentzat zer kezkak!.

Bidarteko ondoraino zakurrik ez antzararik ikusi gabe goxoki ibili eta bat-batean, Mehaberriko parrean, Bardotx hor ene aintzinean! Erregebideak arroilari hurbilenik ukan zezakeen hegian, harriturik gelditu nintzen, aintzinerat ez gibelerat ezin eginez, lastozko xapelaren pean nituen bilo ondo guziak xixtaka ari zitzaizkitala.

Zinturarik gabeko galtza zahar batzu bi eskuez goiti atxikiz, espartinak herrestan, sokorri baino traba gehiago egiten zion makila bat beso pean, bonet zilokatu batetarik bilo zuhail batzu ateratzen zitzaizkiola, eni ohartu gabe ere iragan zen, urrats bezenbat murmurika eginez.

Nola deitzen zen? Nundik heldu zen? Norat zoan?.

Ez dut egundaino jakin.

Jende guzia hartaz urrikaltzen zen.

Ez zela errex hari amoinaren emaitea!.

Xutik zagoeno, zer gerta ere, eskuetarat zerbaiten emaiteko irriskurik ez zitakeen har!.

Beraz, bizkarrean zabilan zaku zaharrean, ogi xerra zonbait biltzen zuen.

Ikusirik ez zuela malezia mikorik, izialdura eztitu zitzaitan eta ene bidea segitu nuen.

Amasok baratzeko mahuri zonbait jan arazirik, etxerat itzultzean, apezetxe aintzineko aterbe goxoan, oihal zuri batez estali mahain baten aintzinean jarririk, nor ikusi nuela uste duzue?.

Bardotx, eta gelaria saldaren zerbitzatzen ari zitzaiola!.

Ixtant bat beha egon nindakion, eta kulleratra salda iretsi bezenbat murmurika botatzen zuela ohartu nintzen.